Juan Sebastian Elkano: ingurua, Ibilbidea, epika
Main Article Content
Laburpena
Juan Sebastian Elkanok munduari lehen aldiz bira eman zionekoaren V. mendeurrenaren ospakizunak (2019-2022) ezohiko interesa piztu du. Hainbat jatorritako ikertzaile ugarik arreta handiz heldu diote gertaerari, eta getariarraren ekintza gogoangarria hamaika liburutan aztertu eta goretsi dute. Oldean etorri dira biltzarrak eta argitalpenak, eta inoiz ez bezala gerturatu ahal izan gara, hainbat ikuspegitatik, zirkumnabigatzailearen figurara eta haren garaiko mundura. Ekarpen handi horiei esker, munduaren inguruko bidaia haren ildo nagusiak inolako zalantzarik gabe adierazita daude jada.
Zertarako argitaratu nahi izan dugu Juan Sebastian Elkano: ingurua, ibilbidea, epika? Izenburuak berak ondo laburbiltzen du zer asmok bultzatu gaituzten proiektu honi ekitera. Gure ahalegina jatorrizko iturriak miatzea izan da, asko eta asko orain arte ezezagunak, jakin nahian nolakoa zen gure protagonistaren ingurua, zirkumnabigazioaren balentria hura posible egin zuena. Eta, hitz batez, zer ekarpen egiten dizkiogu guk gaiari?
Lehenik eta behin, elkanotarrei buruzko datu ezezagunak edo gutxi erabiliak dakartzagu, XV. mendearen erdialdera garamatzatenak eta gure ustez behar adinako garrantzia eman ez zaienak. Elkano familiak Getarian zer estatus sozial eta ekonomiko zuen adierazten digute datu horiek. Familiako kideek itsasoarekin nolako lotura zuten aztertu dugu, eta funtsean itsas jarduerekin lotutako zereginetan aritu zirela ondoriozta daiteke, hiribilduarekin zituzten kontu fiskalek erakusten dutenez. Eta hori zalantzarik gabe berresten da, ikusita familiak ohiko merkataritza-harremanak zituela Napolesekin, Messinarekin, Andaluziarekin…
Bestalde, beharbada bereziki garrantzitsuak dira hemen lantzen ditugun zenbait gai, orain arte arin samar landu izan direlako (dokumentazio egokian ez oinarritzeagatik) edo ia ikertu ere egin ez direlako, nahiz eta, bidaiaren nondik norakoak ondo ulertzeko, arreta handienaz aztertzekoak diren, gure ustez behintzat.
Arinegi aztertu izan diren gaien artean dago, esaterako, gure iritziz berebiziko garrantzia duen zerbait, itsas ibilbide haren zailtasuna kontuan hartuta: zer tamainatakoak ziren espedizioan parte hartu zuten itsasontziak eta, batik bat, Victoria karabela. Uste dugu esan ohi dena baino askoz txikiagoa zela itsasontzi hura. Eta xehetasun horretan zuzen bagaude, are goresgarriagoa da espedizioaren arrakasta, horrek esan nahi baitu hemezortzi gizonek oskoltxo ahul eta hondatu batean ontziratuta lortu zutela Sanlucarrera iristea. Ez da harritzekoa gertaera hark garaiko gizartean miresmena sortu izana.
Era berean, beharbada asmo handikoegitzat har daiteke ohartaraztea gaur egun oraindik ere behar bezala ikertu gabe daudela, zenbait adituren esanetan, espedizioaren arrakastarako funtsezkoak izan ziren zenbait gai: armen mundua, eta, batik bat, arma astunena; bonbardena, adibidez. Behin eta berriro esaten da armak “iparraldetik” eraman zituztela, Bizkaia-Euskal Herria aipatu nahian, baina datu horrek ez du argitzen non eginak ziren arma astun haiek, espedizioak arrakasta izateko ezinbestekoak. Gai horri buruz ikertzean, bonbardagile maisuen leinu peto-petoak topatu ditugu Gipuzkoako barrualdean nahiz kostaldean. Bonbarda-kopuru itzela ekoizteko gai ziren, eta beren armek nazioarte mailan proiekzio komertzial argia izatea ere lortu zuten leinu haietako batzuek. Euskal bonbarda haiek, argitalpenetan pieza horiei buruzko aipu garbirik egiten ez bada ere, oinarri-oinarrizkoak izan ziren balentria haren alderdietako batean.
Elkanoren ibilbidea marraztean inondik ere hutsala ez den beste gai bat Moluketarako bigarren espedizioa da. Haren buru joan zen getariarra, Loaisaren agindupean, nabigatzeko eta zerbitzatzeko bokazioari leial, eta espedizio hartan hil zen, ontziratu zituen senide batzuekin batera. Elkanoren figurari oso lotuta egon zenetako bat, zoritxarreko espedizio hartako partaide, Urdaneta gaztea dugu; bizirik atera zen abentura hartatik, eta XVI. mendeko euskal nabigatzaileen ibilbide paregabeari jarraipena eman zion.
Ikerketa-lan honek guztiak, liburura ekartzean, ezinbestekoak zituen mapak, planoak eta marrazkiak ere. Hemengoak eskuzabaltasunez eskaini dizkigute erakunde publiko nahiz pribatuek. Gure eskerrik beroenak horiei guztiei, bai eta proiektu hau gauzatu ahal izateko lagundu diguten pertsona guztiei ere.
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ikerlan hau argitaratzeko ardura hartu zuen bere gain, eta Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza izan du horretarako. Gure eskerrik beroenak bi erakunde horiei ere.
Argitalpen honetan antzinako plano eta marrazkiak sartzeko emandako erraztasun guztiengatik eskerrak eman behar dizkiegu, halaber, Austrian National Library-ri, Indietako Agiritegi Nagusiari, Simancasko Artxibo Nagusiari, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoari eta eta irudi bakoitzaren azpian aipatzen diren guztiei.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi argitalpena gauzatzen, probak zuzentzen eta marrazkiak egiten lagundu eta askotariko aholkuak eman dizkiguten lagunak. Mila esker, beraz, Harbil Etxaniz, Julián Serrano, Josu Aramberri, Ramón Martín Suquia eta Ani Elorza.